top of page

Zer da egokitzapen aldia?

 

Egokitzapen fasea, momentu berezia eta sentikorra da haurraren bizitzan, lehen aldiz haur-eskolara gerturatzen den aldia da.

 

Haur txikiek erreferentziazko pertsona izaten dute mundua ulertu eta munduarekin erlazionatzeko (gurasoak) Pertsona horrekin lotura, erlazio primarioa garatzen dute eta erlazio hori etorkizunean besteekin erlazionatzeko gaitasunaren oinarri izango da. Erreferentziazko eta loturazko pertsona horretatik bereizteak haurraren errealitate emozionala nahastu egiten du, horregatik, garrantzitsua da bereizketa horrek haurrarengan izan dezakeen eragina serioski planteatzea eta haurraren negarra ulertzea.

 

Haur-eskolara egokitzeko aldiak haurrarentzat berezkoa eta ohikoa ez den inguru berri bateko baldintzetara egokitzea esan nahi du. Haurrek zenbait aldaketa jasango dituzte; beraiek protagonista nagusiak diren inguru batetik, beste haurrekin elkarbizitzen, erlazionatzen eta partekatzen ikasi beharko duten beste inguru batera igaroko dira. Giro berri batean sartzen dira eta bertako pertsonak, lekuak eta materialak ezezagunak dira beraientzat.

 

Haurra haur-eskolan sartzea urrats garrantzitsua da haurraren bizitzan, eta nahiz eta zenbait kasutan hasieran bereizketa hori haurrarentzat mingarria izan, pixkanaka-pixkanaka haurra giro berri horretara egokitu egingo da. Bereizketa horri esker, gainera, haurraren autonomia pertsonala eta sozializazio-maila areagotu egingo dira.

 

Zergatik egin behar da egokitzapen aldia?

 

Egokitze hori ez dute haurrek bakarrik egiten, familiek ere egiten dute, bereizketarena momentu zaila izaten baita beraientzat. Hainbat zalantza eta beldur sortuko dira eta normala izaten da, hori ere prozesuaren zati baita.

 

Baliteke egokitze aldi horretan haurrak errefusatze-jokabideak izatea; haurrek negar egitea; bereizketa dela-eta, larrituta egotea; haurrek negar ez egitea eta haur-eskolan parte hartzea jarduera berria iruditzen zaielako eta gero etxean jokabide negatiboak izatea; haurrek ez onartzea pertsona ezezagunek zaintzea; haurrek parte ez hartzea; etxetik ekarritako jolasen bati gogor atxikitzea,...

 

Jokabide horiek guztiak normalak izaten dira egokitze aldi horretan, eta gauza normal edo natural bezala ulertzen badugu, haurrari lagundu egingo diogu egokitze aldiaren prozesu horretan. Prozesu horretan, gainera, haur bakoitzak erritmo desberdina izango du eta errespetatu egin behar dugu.

​

Zein da familiaren jarrera?

 

            Familiaren jarrera oso garrantzitsua izaten da. Segurtasun eza sentitzea, bereizketagatik errudun sentitzea, haurra ezagutzen ez dituen pertsonen kargura uzteari buruzko kezka... Sentimendu horiek normalak eta ohikoak izaten dira, baina kontu handiz zaindu behar dira kanpoko jarrerak, haurrengan segurtasun eza ez sortzeko.

Egokitze-aldian                                         

• Familiaren jarrera garrantzitsua da: lasai eta seguru sentitzen bada, haurrak ere naturaltasunez hartuko du haur-eskolan sartzea.

• Haurrari beti egia esan behar zaio, zer gertatuko den azaldu; eta ez zaio beldurrik sartu behar.

• Haur-eskola ondo pasatzeko tokia, beste haurrekin jolas egingo duen lekua dela esan behar diogu haurrari.

• Komeni da haur-eskolara pertsona ezagun batek eramatea eta pertsona horrek jasotzea. Horrek segurtasuna emango dio haurrari.

• Agurtzerakoan, ez da alde egin behar haurra konturatu gabe, segurtasunez eta pozik agurtu behar da haurra. Agurtzeko unea gehiegi luzatzea ez da komeni izaten. Maitasunez agurtzea komeni da, ezkutatu gabe eta gezurrik esan gabe. Haurrari ulertarazi behar zaio egiten ari zaretena berarentzat ona dela.

• Gustukoen duen objektua eraman dezake; txupetea, jolasa... berarentzat ezaguna den zerbait eta bere etxearekin lotuta sentiaraziko duena.

• Ez da momentu egokia haurraren bizitzan aldaketak egiteko; gelaz aldatzea, esaterako. Komeni da aldaketa horiek egokitze-aldia pasa ondoren egitea.

• Haurra jasotzen dugunean esaldi tristeak ekidin behar dira.

• Komeni da etxean, noizbehinka, haur-eskolako egoerak eta pertsonak gogoratzea. Bere hezitzaileari buruz hitz egin behar diogu eta bere izena errepikatu.

• Hasieran izan ditzaketen jarrerak onartu eta ulertu egin behar ditugu: negar egitea, ikusten gaituztenean axolagabetasuna azaltzea...

• Puntualak izatea oso garrantzitsua da; berandu heltzen bazarete, abandonatu egin duzuela pentsatuko duelako.

bottom of page